XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. AUTOGESTIOA SOZIALISMOAREN EREDU BEZALA Euskal Herriaren alienapen kolektibo eta indibidual, eta bizia bera ere hurrupatzeko egoera honen aurrean, E.S.B.-k gure Herriaren emantzipazio osorako bandera jasotzen du.

Emantzipazio hau Euskal Nazioari bere subiranotasuna bihurtzetik hasten da, eta klase gabeko gizarte libre eta sozialistaren eraikuntzan, gizarte autogestiozalean, amaitzen.

Ikuspegi sozialista batetatik autogestioa aipatzea, sozialismoaren proiekto bat bere seinalerik funtsezkoenetan finkatzea esan nahi du, eta gizarte sozialista baten eredu bat soslaitzea suposatzen.

Sozialismoaren funtsa, ekoizpen mozkinen jabego kolektibuan, sozialean eta langileen botere politikoan dagoke.

Historiaren esperientziak irakasten digunez, ordea, sozialismoa ez da ekoizpen mozkinen jabego juridiko estatal batez definitzen, jabego kolektibo eta sozial batez baizik, hots, langileek ekoizpen mozkinak beren esku benetan eta efektibuki edukitzeko ahalmenean, hain zuzen.

Estatal jabegoak ez darama derrigorrez berekin jabego sozial baten zentzurik.

Lehen aipatu ahalmen efektibo hori Estatuaren burokrazia osatzen dutenen eskuetan badago, eta ez langile guztienetan, gisa horretako jabego batetan ezin daiteke sozialismoa eraikitzeko oinharririk aurki.

Historiaren esperientziak derakargun bigarren eite bat zera dugu, boterearen antolaketarako erabideak, behinenekoak gertatu izan direla demokrazia sozialist efektiko baten aurrerapenerako: diktadura forma guztiak, azken batetan, langileei botere politikoa kentzera heldu izan bait dira.

Prozesu honetan, alderdi bakarra, zentralizatua eta estatuaren aparatoarekin bat bera, langileriari botere ekonomiko eta politikoa hurrupatzeko erabiderik funtsezkoenetako bat gertatu izan da: burokraziaren boterearen oinharria egiten bait du, estatal aparatoaren kontrolarekin, ekoizpen mozkinak bereganaturik.

Horregatik, nahi eta nahiezkoa da askotariko politik erakunderik egon dadin, horrela bakarrik ahalko bait litzateke alternatiba politiko eta ekonomiko desberdinen aldeko ekintza kolektibo bat libertate demokratiko osoen babespean.

Horretaz bada, politik demokrazia, ez da luxu bat sozialismoarentzako; bere osotasunerako elementu esentzial bat gertatzen da baizik: politik demokraziarik gabe ez dagoke langileen botere politikorik, gehienez ere langileen izenean aginduko lukeen guttiengo baten botere politikoa baizik.

Horregatik, politik demokrazia zabal eta sakontzearen aldeko borroka, sozialismoaren aldekoarekin bat egiten da; sozialistentzat, beraz, demokraziaren aldeko borroka ez da, medio bat bakarrik izanen, helbururik funtsezkoenetariko bat baizik.